XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa
Testuingurua
Benetan buruhauste handia zen hura! Mikaela, mila buelta bere buruan eman ondoren, hurrengo eguerdian, Joxeren berrien zain-zain zegoen.
Betiko garaian, han azaldu zen aurpegi alai eta irribarre zabal batez.
Bazkariaz kezkatu gabe, tanba-tanba, ziurtasunez, Joxeren mahaira hurbildu zen...
- Eta? - Oso ondo Mikaela, oso ondo! Badugu pistatxo bat behintzat! Ideia ona izan zenuen.
Zuk esan bezala, atzo arratsaldean ez nuen erratzik pasatu eta serrauts pittin bat zabaldu nuen lehengoaz gain... - Eta? - Ba, han aurkitu ditudala urratsak...
- Dirurik faltatu al zaizu berriro? - Bai... Etxeratu aurretik kontatu egin nuen kaxako dirua eta gaur goizean berriro, beraz, bostehun pezeta falta direla egiaztatu ahal izan dut.
- Eta urratsak, atzekaldeko ate txikitik zetozen... Beti hertsita egon ohi den atetik... - Bale!.
- Eta hau esanez, Mikaela sukaldera joan zen eguneroko bazkaria gertutzera.
Arraultzeak prejitzen zituen bitartean, gogor jarraitzen zuen haren buruak lanean...
- Joxe, zure ilobekin hitzegin behar zenuke! - Ez lidakete bizitza osoan barkatuko haietaz zalantzatzea!- esan zion Joxek, arraultze gorringotan bustitako ogi pusketa ahoan sartuz...
- Baina, horiek dira susmagarrienak, Joxe!- Mikaelaren begiradan, indarra eta distira nabarmentzen ziren -.